• «Nire Bizi Kalitatea» programa erreferentziazkoa da Estatu mailan, eta bezeroek beren gaixotasunaren egoerarekin eta bizi-kalitatearekin lotuta ematen duten informazioa biltzea sistematizatzea du helburu, bai eta informazio hori laguntzan erabiltzea ere, erabakiak hartzeko.
• Osasuneko emaitzak neurtzeko, ICHOM nazioarteko partzuergoak markatutako estandarrak erabiltzen dira. Partzuergo horrek, bada, nazioartean baliozkotutako neurketa-tresna bat eta etengabeko berrikuspena sistematizatzeko metodologia bat ezartzeko behar den ezagutza ematen du.
• «Nire Bizi Kalitatea» prostatako minbiziarekin eta iktusarekin hasi zen eta hauetan ere ezartzen ari da: bularreko minbizian, hesteetako gaixotasun inflamatorio kronikoan eta ahosabaiko fisuran.
• Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESI, Osakidetzaren ordezkari, ECHOM nazioarteko kongresu prestigiotsuko eztabaida-mahai batean parte hartzera gonbidatu dute, Rotterdamen, osasun-estrategietako, emaitzen neurketako eta berrikuntzako lider berritzaileekin batera.

Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIk balioan oinarritutako medikuntzaren aldeko apustu irmoa egin du, eta horrek sistemak pazientearekin duen harremana aldatzea dakar. Ildo horretatik, «Nire Bizi Kalitatea» garatu du. Aitzindaria eta erreferentziazkoa da Estatu mailan, eta pazienteek beren gaixotasunaren egoerari eta bizi-kalitateari lotuta ematen duten informazioa jasotzea sistematizatzea du helburu.

Programa hau ezartzeak osasuneko emaitzak neurtzea dakar eta, horretarako, ICHOM nazioarteko partzuergoak markatutako estandarrak erabili dira. Partzuergo horrek, bada, nazioartean baliozkotutako neurketa-tresna bat (standard sets) eta etengabeko berrikuspena eta benchmarkinga sistematizatzeko metodologia bat ezartzeko behar den ezagutza ematen du, eta ESIa 2016az geroztik dabil harekin lankidetzan.

ICHOMen estandarrek osasuneko emaitzak neurtzen dituzte patologien arabera, eta patologia bakoitza monitorizatzeko emaitza estandaritzatu, neurketa-tresna, denbora-puntu eta arrisku-doikuntzarako faktore sorta bat eskaintzen duten tresnak dira. Adituen eta alorreko pazienteen ordezkarien partzuergo batek landutako tresnak dira, pazienteari gehien interesatzen zaionari begira betiere, eta haren zaintza ipinita erdigunean.

Hainbat tresna erabili ditu ESIak, estandarrok ezartzeko:

  • OSABIDE Historia Klinikoan formulario egituratuak
  • Osakidetzako Osasun Aholkua
  • Osasun Karpeta
  • Programen kudeatzaile integrala (prozeduraren errolda eta kudeaketa)
  • Informazio-tresnak («Nire Bizi Kalitatea» liburua, eSano bloga, eta abar)

«Nire Bizi Kalitatea» programa honetan galdetegi batzuk betetzea proposatzen zaie pazienteei. Horiekin haien bizi-kalitatea nolakoa den eta gaixotasunak noraino mugatzen dituen jakin nahi dugu. Emaitzoi esker, pazientearen egoera jakin daiteke, izan ditzakeen arazoak detekta daitezke eta nola esku hartu balora daiteke.

Eguneroko bizitzarekin lotutako alderdiei, patologiari lotutako arazoei eta gogo-aldarteari eta egoeraren onarpenari buruzko galderak ditu galdetegiak. Galdetegiak gaixotasunaren zenbait unetan egiten dira. Lehenengoek, tratamendua hasi baino lehen, hasierako egoeraren berri izaten laguntzen dute. Geroago, jarraipen-kontsulten aurretik, hasierako galdetegi berberak egiten dira bilakaera ikusi ahal izateko. Baina aldizkakotasuna patologia bakoitzaren araberakoa da. Esate baterako, iktuserako, hasieran, ospitale-alta hartzean, hiru hilera eta, geroago, urtean behin egiten dira galdetegiak.

Informazio hori guztia pazientearen historia klinikoan jasota gelditzen da, eta osasun-datuei dagozkien segurtasun- eta konfidentzialtasun-baldintzak aplikatuko zaizkio. Informaziorako sarbidea kontrolatuta dago, eta honako hauek soilik kontsulta dezakete: pazienteak; osasun-langileek, eta pazienteak sarbidea eman dion pertsonak, laguntza behar duelako.

Prostatako minbiziarekin eta iktusarekin hasi zen programa eta, orain, gainera, bularreko minbizian, hesteetako gaixotasun inflamatorio kronikoan eta ahosabaiko fisuran ezartzen ari da. Osakidetzaren beste erakunde batzuk beste patologia batzuekin antzeko programak garatzen hasi baitira, honako hau erreferente hartuta.

ICHOM nazioarteko kongresua eta VBHC Price 2019

Maiatzean, Rotterdamen, osasuneko estrategietako, emaitzen neurketako eta berrikuntzako lider berritzaileak biltzen dituen topaketa prestigiotsua egingo da, eta Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESI eztabaida-mahai nagusietako batean parte hartzera gonbidatu dute, Osakidetzaren ordezkari. Gainera, ESIak zenbait komunikazio aurkeztuko ditu mundu mailan liderra den ekitaldi honetan.

VBHC Price 2019 saria emango da topaketan. Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESI sariotara aurkeztu zen, eta, zenbait etapa gainditu ondoren, izangaien azken fasearen ateetan geratu zen. Balioan oinarritutako medikuntza erakundearen estrategian ezartzeko ESIaren ikuspegia aurkeztu zuen.

Balioan oinarritutako medikuntzaren aldeko apustua

Aurrerapen eta berrikuntza handiak izan ditu medikuntzak azken urteetan diagnostikoan eta tratamenduan, eta horrek bizitza luzatzea eta, azken batean, osasuneko emaitzak hobetzea ekarri du.

Nolanahi ere, laguntza-adierazleek klinikoki hobetzen ari garela esatea ez da nahikoa; aitzitik, gaixotasuna duten pertsonekin kontrastatu beharra dago, benetan, bizitzan zer nolako eragina izaten ari diren esango digutenekin.

Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIk balioan oinarritutako medikuntzaren aldeko apustua egiten du, bere plan estrategikoan zehazten den bezala. Osasun Sailaren ildo estrategikoetatik eta Osakidetzaren Plan Estrategikotik dator apustu hori, gainera: «Edozein osasun-sistemaren oinarrizko betekizuna da emaitza onak lortzea osasungintzan».

Ildo horretatik, Ezkerraldea Enkarterri Cruces ESIk lortzen ari garen osasun-emaitzak balioetsiko ditu, eta herritarrei ahalik balio handiena emateko hartu behar diren neurriak ezarri. Hemendik aurrera ez da nahikoa ebakuntza edo tratamendu baten balioespen teknikoa; aurrerantzean jakin behar da nolako eragina edukitzen ari garen gure pazienteengan eta haiekin egiaztatu behar da espero ziren osasun-emaitzak lortu direla.